Hendaiara joaten hasi zen. Hondartzatik, hondar artean belar mototsak bizirik irautea lortzen duten alderdian eserita, etxea ikus zezakeen elizondoan, leiho granateak eta ingurua kremaz margotuta, eta salakoan bera zegoen aldera so imajinatzen zuen Julia.
Artean ere fitxa mordoa eraman ohi zuen patrikan eta, noizbehinka, zuzenketaren bat egiten zuen, oharpenen bat idazten, definizioren bat zirriborratzen. Munduarekin ez hausteko modu bat zen, bizirik sentitzekoa.
Bero hezearen eraginez hareari lurrina zerion egun batean izan zen. Gandua zerion lurrari, eta Hondarribiaren ikuskizunak irreala zirudien ur gainean. Etzan egin zen. Hodeiek arin gurutzatzen zuten zeru urdina itsasorantz, eta begiak itxi behar izan zituen, haizeak zekarren hareaz babesteko.
—Vos feuilles s’envolent, monsieur.
Betaurreko zuriak sudurrean irristatzen zitzaizkion mutiko bat ikusi zuen, eta haren txapel gorri biseradunaren gainetik folio laurdenak antxetak bailiran planeatzen, elkarri segika, zeruan gora eta behera, sabel zuriak haizeari eskainiz itzulika. “Merde” esatera beharturik sentitu zen, hegaldatzear zeuden fitxei heltzen ziela. Gero, jadanik hegan ez oso goiti zebiltzanak ehizatzen ahalegindu zen, laguntzeko lanik hartu gabe so zegokion mutiko txano-gorria zeharka zainduz.
—Ezingo dituzu denak jaso —esan zion mutikoak serio, balorazio profesional bat egiten duenaren antzera.
Izan ere, asko zebiltzan hegan, hamabost, hogei agian, eta alde batetik paper harrapatzen ibiltzeak lotsa ematen bazion ere, ez zuen nahi jendeak nahita bota zituenik pentsa zezan. Beraz, jasotzeko ahalegin nabarmenak egin zituen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario