Ez zen jabetu lana utzi izanaz, mutiko betaurrekodunak “vos feuilles s’envolent, monsieur” esan zion arte. Hendaian izan zen. Artean ez zen arratsaldero joaten, gerora bezala. Juliaren etxe inguruetan ibili ohi zen, elizondoan eta plazako tabernetan, etxetik irteten edo sartzen noiz ikusiko zain. Bakarrik ikusi ohi zuen, edo Klara eskutik zuela. Inoiz ez zen beste inor sartu etxean, berak zelatatu zuen bitartean. Arratsaldero, eta gaua sartu arte askotan.
Fitxak haize bolada batek eraman zizkion egun horren bezperan, ordea, Klara jolasean zebilen atarian, eta konturatu egin zen elizondoan zegoela, diaboloa galdu eta Iñaki Abaituaren oinetaraino joan baitzitzaion. Ama bizkotxoa egiten ari zela, eta ea meriendatzera geratu behar zuen. Berak, ordea, zelatan harrapatua izateak —eta hori gutxi balitz, diaboloarekin jolasten zen neskato baten zelatan— eragiten zion ahalkea gainditu ezinik, presaka zebilela esan zion.
Ez zen egun horren biharamunean izan, beharbada, biharamuna eta hurrengo eguna ere etxean igaro baitzituen, badaezpada, ea Klarak beren enkontruaren berri eman eta Juliak deitzen ote zion edo. Nolanahi ere, diabolo batekin jolasean diharduen ume baten zelatan egotera iritsia zela ohartzean hartu zuen, hein handi batean, inguruetan ibiltzeari uzteko asmo finkoa. Ezin eraman baitzuen norbaitek, plazako edo kale nagusiko norbaitek —harantzagotik ere ikusiko zuten— pederasta biziatutzat har zezan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario