2011-03-23

337. pasartea

Gona izter artean gordez, bere eserlekura itzultzeko belaunikatu zen. Ezin izan zuen gorputza itzultzeko mugimendua osatu, ordea, ordularia Iñaki Abaituaren jertsean trabatuta geratu baitzitzaion. Besoa airean altxatu zuen, askatu nahian, hura egitean lepoa luzatzera behartzen zuelarik.
—Sentitzen dut —desenkusatu zen berriro ere, jertsearen besoa erlojutik askatzeko ahaleginean. Juliak ez zion utzi, ordea.
—Piztu ezazu argia.
Agindua bete baino lehen, alkandoraren ertzak brasliparen barnean gorde zituen, galtzak bustiduraz libratzeko, eta esku bakar batez kremailerarekin borrokatu behar izan zuen gero. Biek zuten beso bana airean lotua, txaloka ari zitzaiekeen publikoa agurtuz bezala. Juliaren beste eskua magalean zekusan izter artean bilduriko gona gainean. Iluntasunean zuri ageri zen, zuri urdinxka, portzelanazkoa. Hori esatekotan zegoenean, so zegokiola konturatu zen Julia, eta, gona luzatuz, eskua belaunetaraino eraman zuen. Argiari eman zion.
—Utzi niri.
Ordularia handia zen, gizonezkoarena, eta uhaletik zegoen jertsearen hari bati lotuta. Lagundu nahi izan bazion ere, Juliak haria eten zuen urduri.
—Tira, berandu da.
Ez zuen ulertu trakeskeria hura, ordularia kendu eta haria askatu besterik ez zuenean.
—Ez dira zortziak —protestatu zuen, eta eskua luzatu zion eskuturrera ordua egiaztatzeko. Juliak gorde egin zuen hotz.
—Badira.
Musu iheskor bat emateko makurtu zen. Gero, atea zabaldu ondoren, “oinez itzuliko naiz” esan zion. Besterik ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario