Gerora askotan berrituko zuen eszena hura gogoan, testuinguruaren arabera zer esan nahi izan zuen atzeman nahian, baina ez zuen lortuko jakiterik. Hitz haiek esan ondoren, gainean eseri zitzaion, zango bakoitza alde banatara ezarriz. Lehenbizi gona gerriraino jaso zuen, eta gero, hatz baldarrez, zakarrez baino gehiago, aurrez prestaturik zuena burutzeko zailtasuna bailuen, brageta irekitzeari ekin zion. Ezin zuen, ordea, eta Iñaki Abaituak ez zuen deus egin laguntzeko. Besoak eserlekuaren atzean mantendu zituen, bere kasa uzten ziola, larrutu egin behar zutelako sentimenduak harturik. “Badira norberak egin beharreko lanak” esan zuen, eta bere kasa utzi nahi izan zion, lagundu gabe. Juliak hatz bat jarri zion ezpainetan, isiltzeko eskatuz. “Ixo orain” esan zuen, eta agindu haren ondorioz bezala, auzotarren barre-algaren oihartzunak isildu egin ziren, baita itsasoa harkaitzetan, kilkerrak eta apoa ere.
Indarrez mugitzen zen, gerriaren poderioz eserlekuaren kontra bultzaka, lepotik hartuta zeukala, bularraren kontra estutuz. Azkenean, oinak bolantearen alde banatara kokatuz, bultza egin zuen berak ere, desesperatuki, bista gauean galdua, faroaren argiak tarte jakinetan argitzen zuen paisaia espektralean. Argi tarteen kontaketan kontzentratu zen. Labur bat, bat, bi, hiru, bi luze, bat, bi, hiru, luze bat. Ez zuen lortzen, eta berriro ekiten zion tarteak kontatzeari. Eta artean argi-klisken kadentzia atzemateko zegoela, espermaren bustidura higuingarria sentitu zuen.
—Sentitzen dut —esan zuen.
—Inozoa, zer sentitzen duzu —berak, irribarre ilun harekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario