2011-03-23

335. pasartea

Umoretsu esan zuen, “Jaungoiko maitea, ez al duzu beste musikarik entzuten?”, baina Iñaki Abaituari ez zitzaion broma iruditu. Sentitzen zuen, baina autoa oso gutxi erabiltzen zuenez, eta gainera autoetan zintak hondatu egiten zirenez, ez zuen ohiturarik, erantzun zion, kasetea itzaltzeko makurtuz. Enkontru hura era askotan zuen imajinatua, baina musika harekin beti. Jarrita utz zezan eskatuko ziolakoan itzali zuen, baina ez zion eskatu. Bista ilunean galduta, Juliak erretzen segitzen zuen.
“Zuri ere gustatzen zitzaizun” esatekotan egon bazen ere, ez zuen halakorik egin. Ziur asko, iragana gogoan, erantzun desatsegin bat jasotzeko arriskuan jartzea izan zitekeela pentsatzen zuelako. Gorputzari irristatzen utzi zion, eserlekuan erabat etzanda geratzeraino. Alferrik itxaron zuen hitzen bat esan zezan. Azkenean “esaidazu zerbait” eskatu zion.
—Esango dizut, aspaldidanik nengoen esateko.
Zigarroa itzali zuen, isilik berriro ere. Fita luzeak uzten zituen, zigarroari heltzeko zuen modu bereziak hatzak erretzeko arriskurik gabe erabat ahitzea eragozten ziolako. Ondo itzali arte zanpatu zuen, eta gero leihatila zabaldu eta azken ke ahokada bota zuen kanpora. Bitartean, Iñaki Abaituak mugimendu txikiena zaintzen zion, hitzen zain, urduri. Leihatila jaso zuen berriro. “Badira norberak, eta norberak bakarrik, egin beharreko lanak” esan zuela iruditu zitzaion, “norberak bakarrik egin ditzakeenak” edo, “norberarenak direnak”. Ez zekien argi, eta ez zen ausartu errepika zezan eskatzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario