2011-03-23

334. pasartea

Juliak ez zion broma segitu, eta ez zen sentitu nora zihoazen esatera beharturik. Bidegurutzeetan hitz laburren bat baino ez zion esan norabidea adierazteko, “aurrera zuzen” lehor bat gehienetan, isiltasuna astunagotzen zuena.
Faro atzeko zabalunera heldu zirenean, eguzkiak udazken hasierako betetasun heldua erakusten zuen, begietan mina egiterainokoa, itsasoa urre kolorez estaliz. Ostertzean desagertzen ikusi zuten, sutan legokeen bola bat bezala, eta gaua urdinean hedatzen hasi zen. Beste autoen kapotak distiratsuak ziren beren inguruan. Algara itoak entzuten ziren, itsasoaren murmurra harkaitzetan, eta kilkerren kantu metalikoa. Apo baten korrokak egiten zien kontrapuntua. Iñaki Abaituak motorra itzali zuen. Gero bi zigarro piztu eta bat Juliari eskaini zion.
Juliak hatz txikiaren eta nagiaren artean eutsi ohi zion zigarroari, eskua libreago erabili ahal izateko.
—Ez al duzu musikarik?
Gogoan zuen nola, zigarroa utzi gabe, hatz txikiaren eta nagiaren artean eutsiz, alkandoraren botoiak askatzen zizkion, mugimenduei halako seriotasun itzaltsu bat emanez. Eta zigarro puntaren berotasuna sentitzen zuen azalean. Erretzeko modu berezi hura aipatu zion, zigarroa eskuan ez balu bezala erabiltzeko modu bitxi hura. “Bai?”, egin zuen Juliak, zigarroa bi hatzen artean erakutsiz, eta eskua ilea atzera orrazteko erabili zuen. Barre egin zuen gero. Lehenbiziko aldia zen barre egiten zuela, eta luze egin zuen, zintaren lehenbiziko akordeak entzun ziren arte. Orduan atzera erortzen utzi zuen burua, “Jaungoiko maitea, ez al duzu beste musikarik?” esanez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario