Neskari mintzatu zitzaion gero. Ea Klara bainatu eta gero afaria emango al zion. Esango ziola zer afaldu behar zuten. Umeak bere poza agertu zuen, eta, lepotik helduz, neskarekin lo egiteko baimena eskatu zion. Ez zegoen baimenik, bera gehienez ere zortzietarako itzuliko baitzen. Nahi bazuen, itxaroteko, eta elkarrekin egingo zutela lo.
Iñaki Abaituak erlojuari begiratu zion. Zazpiak ziren; gehienez ere ordubeteko epea eskaintzeko asmotan zebilen Julia. Ez zekien nola hartu berari iritzirik eskatu gabe bere beharretara, edo bere apetetara agian, denborari mugak ezartze hura, baina ez zion aitzakiarik jarri. Elizatik behera egin zuen lasterka, “hamar minutu barru hor naiz” esan ondoren. Urduri sentitzen zen, eta autora iritsi zenean zigarro bat erre beharra izan zuen Ama Birjina eta zaldun eroriaren estatuapean. Gero, autoa hartu, errepidea gurutzatu eta kale nagusitik Arma plazaraino igo zen.
Julia han zegoen jada. Arropaz aldatua. Galtzen ordez, puntuzko gona bat zeraman, eta ez zuen deus eskuetan. Emakumeek esku-hutsik ohi duten aire ezindua ageri zuen. Autoan sartu zenean ez zion jakinarazi norako asmotan zen, eta berari ez zitzaion aproposa iruditu galdetzea. Argibide laburren bidez hiri zaharrean zehar gidarazi zion autoa, eta gero, elkartu ziren pasealekutik, herria zeharkatuz, ezkerretara, faroko bidetik eraman zuen.
—Ez da bahiketa bat izango.
No hay comentarios:
Publicar un comentario