2011-03-23

332. pasartea

—Asko hazi da, bai —esan behar izan zuen Juliak bizpahiru bider, Iñaki Abaituak beste horrenbeste aldiz gauza bera egiaztatu ondoren. Isiluneak luzeegiak ziren hala ere, eta azkenerako, umea etxera aurreratu zitzaienean, hitzik gurutzatu gabe ibili zuten bidea. Iñaki Abaituak ez zekien zer egin etxera iritsiko zirenean, agur esan behar ote zion, hark gelditzeko eskatu zain egon gabe, duintasun gutxienekoak eskatuko zukeen bezala, ala sartzeko gonbita onartu. Gonbita egiten bazion, noski. Izan ere, horixe gerta zitekeen iristen zirenean, hain zuzen ere horixe esatea, “iritsi gara”, eta ondoren “eskerrik asko laguntzeagatik”. Aukera krudela zen, eta desiragarriago bihurtzen zion berak aurrea hartzeko asmoa, haren despedidari itxaron gabe. “Hemen utziko zaitut” esan, buelta eman eta, astiro, beherako bidea hartu. Aukera dotoreena iruditzen zitzaion, baina bazekien ez zela hartarako gai izango.
Iritsi zirenean, Klara hamasei-hamazazpi urteko neska batekin zegoen. Goikoen alaba zen, eta hura agurtu beharrak atalaurrean geratzeko aitzakia eman zion Iñaki Abaituari. Juliak kanpoko atea zabaldu eta, sartu gabe, berarengana jiratu zen.
—Autoarekin al zaude?
Baietz erantzun zion, gasolindegi ondoan zuela, behean, estatua ikaragarri zatar bat zegoen glorieta modukoan.
—Joan zaitez bila, eta hamar minutu barru plazan egongo naiz zure zain.
Hura agindua ez bazen ere, aitzakiarik ez onartzeko moduan esan zion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario