2011-03-23

331. pasartea

Jakaren erdiko botoia lotzeari eta askatzeari ekin zion, urduritasun nabarmenez, baina ez zen hartaz konturatu Juliaren begiak eskuetan sentitu arte. Galtzen patriketan ezkutatu zituen orduan. “Giro ederra”, insistitu zuen, bere burua zigortu nahian.
—Bai, udazkenak ederrak dira hemen.
Txingudira begiratu zuten biek. Ainguraturiko itsasontzi gehienak berdeak ziren, urdinak batzuk, eta bakanen bat gorria. Abelekin izandako errieta batez oroitu zen. Euskal Herriko itsasontzien edertasuna aipatu zueneko hura. Abel erabat haserretu zitzaion. Elkar ikusi gabe zeramaten denboran taldekoen artean gertatutako aldaketez zerbait esatekotan egon zen, baina bururik itzuli gabe, nahiago izan zuen paisaiaren edertasuna aipatu.
—Nondik nora? —erantzun zion Juliak—, Hondarribia ez zaizu atsegina gertatu sekula.
Paisaiak norberak taxuturiko dekoratuak ziren. Bera maite zuelako maite zuen Hondarribia.
—Oker nengoen —esan zuen, eta gero, gaia aldatzeko, liburua seinalatuz:— “Heriotza baketsuaz erdi maitemindurik”.
—Erdi maitemindurik, bai.  
Liburua itxi zuen, irakurketa baino zerbait gehiago uzten zuela adieraziz. Altxatu egin zen gero. Iñaki Abaituak zer egin galdetu zion bere buruari, ezpainetan musu emango ote zion. Ez zekien zergatik, iruditzen zitzaion Juliak onartu egingo ziola, baina ez zituela ezpainak zabalduko, eta hotz edukiko zituela. Bere pentsamendua atzeman nahian bezala sentitu zuen haren begirada. “Klara, bagoaz” deitu zion haurrari, eta ibiltzen hasi zen. Haurra korrika inguratu zitzaien, eta esku banatatik heldu zien gero. Harresiaren ertzetik gora egin zuten, etxe aldera, haurra hizpide zutela. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario