Haurrarekin hizketan sumatzen zuenean “zenbat hazi den” esango zion, eta horrekin gainditua zegokeen oztoporik handiena, pausorik zailena lehen hitza esatea baitzen, baina umeari zer esan ere ez zekien. Inoiz ere ez zuen jakin haur bat nola tratatu, karameloak eskaintzeaz aparte, eta ez zuen karamelorik aldean. Bere inguruan begiratu ere egin zuen, gozoki posturen baten bila, lehenago ez akordatu izanaz damututa, eta ibiltzen hasi zen, bi, hiru pauso, zer esan behar zion jakin gabe. “Kaixo” esaten saiatu zen ahots neutro batez, baina eztula egitea baino ez zuen lortu, eztarria garbitzeko, leihatiletan funtzionarioaren arreta erakartzeko egiten den bezala.
Begiak liburu gainetik aldenduz Iñaki Abaituaren presentziaz ohartua zela adierazi arren, ez zion aurpegirik altxatu. Aurrera so geratu zen, parean zuen gorputza alderik alde zeharkatuz itsasoa bilatuko bailuen. Amaigabeak egin zitzaizkion begiak liburutik jaso zituenetik kokotsa altxatuz “kaixo” esan arte igaro ziren bizpahiru segundoak.
—Kaixo —esan zion, besterik gabe. Eta irribarre egin zuen, irribarre leun hura—. Ez duzu itxura txarrik.
—Denbora asko neraman zu ikusi nahian.
—Denbora asko... —berriro ere tristezia eztia zerion irribarrea eskaintzeko isildu zen—. Beti zure denborarekin.
—Aspaldidanik ikusi nahi zintudan.
—Bai...
Bazekiela atzetik zebilkiola esan nahi bide zuen “bai” hark, baina ez zen ausartu galdetzen. Besterik ezean, “giro ederra, ezta?” esan zuen, baina berehala damutu zen topikoa erabili beharraz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario