2011-03-28

329. pasartea

Desira bizia sentitu zuen, halaber, Julia zer liburu irakurtzen ari zen jakiteko. Beraz, herrirantz zihoan gizon talde baten babesean gerturatu zitzaion hogeiren bat metroraino, eta ez zuen gehiago behar izan, azalaren koloreari esker, berak pare bat urte lehenago utzitako bat, Leonard Woolf-en The Journey, ezagutzeko.
Juliak, zekien ingeles apurra galtzen ari zela-eta, zerbait uzteko eskatu zionean, egokia iruditu zitzaion Leonard Woolfen hizkuntza viktoriarra, idazkera zuzen eta argia. Liburu entretenigarria zen gainera. Horregatik, arratsalde batean etxera eraman zion, eta Arantxak, liburua ikustean, “zein kolore polita” esan zuen —malba argi bat zen—, eta berak betidanik miretsi izan zuela literatur kritika maoistaren sakontasuna erantzun zionean, haserre bizian jarri zitzaion, eta muturka hasi ziren ia.
Bere liburu bat irakurtzen ari zen, beraz; berak utzitakoa, zehatzago esan, buruz zekizkien pasarte zenbait bere eskuz azpimarraturik zeuzkana —”Virginiak beti presente zuen heriotza. Beldur zion eta erdi maitemindurik zegoen heriotza lasaigarriaz”—, nolabait ere bere presentzia zuena, eta seinale ona iruditu zitzaion hura.
Itzulinguru zabala egin zuen, Juliaren aurrean dozenaren bat metrora jartzeko. Jendea bien artean igarotzen zen, ibiltokian gora eta behera, eta atzean haurra diaboloarekin jolasean zebilen orduan ere. Une batetik bestera Juliaren begiekin topo egitea espero zuen, baina irakurketan barneratua zirudien, bere presentziaz erreparatu gabe. Haurraren bitartekotzaz baliatzea pentsatuz, burua jiratu zuen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario