Halako batean, ordea, umeak huts egin eta diaboloa, saltoka, bestaldera pasatu zen burdinsare txikia gurutzatuz, eta Iñaki Abaituaren oinetan gelditu. Instintiboki, jasotzeko makurtu zen eta, ematean, umeak ezagutu egin zuen, noski.
Ama bizkotxoa egiten ari zela esan zion, eta berak zenbat hazi zen, eta umeekin hitz egiteko ohiturarik ez duenak erabili ohi dituen bi edo hiru topikoak; eta umeak, azkenean, beragandik libratzeko ziur asko, ea amari deitzea nahi zuen galdetu zionean, berak ezetz erantzun zion, presaka zebilela, eta presaka alde egin zuen, benetan ari zela erakusteko.
Horrelakoetan, lotsa sentitzen zuen, miserable ikusten zuelako bere burua; zin egiten zuen ez zela Hondarribira itzuliko, eta etxean irauten zuen pare bat egun irten gabe. Edo beharbada Juliaren deia entzun zain geratzen zen, umeak ikusi zuela eta ea zergatik ez zen etxean sartu galdezka deituko ziolakoan. Baina hori ez zen inoiz gertatu. Hirugarren egunerako lehengoetara itzultzen zen, beraz.
Harik eta egun hartan —harrizko aulkian eserita zegoen orduan ere—, Juliarenganantz ardurarik gabe zuzen ibiltzea erabaki zuen arte, agian jolasari amaia eman nahian. Edo ez zuen erabaki, eta besterik gabe jokatu zuen horrela, pentsatu gabe. Nolanahi ere, Iñaki Abaituari bereziki atsegin zitzaion eran zegoen jantzi eta orraztuta, marinel jaka urdin batez, ilea atzeraka, belarriak eta aurpegiaren obaloa agerian zituela, ilearen sorrerak bekoki gainean moko perfektua marrazten ziolarik. Inoiz baino ederragoa iruditu zitzaion.
No hay comentarios:
Publicar un comentario