Egun batean, kamingaineko bidean, Julia liburu bat irakurtzen ari zen beti bezala, eta umea harkaitzetan zebilen, harri batetik bestera saltoka. Iruditu zitzaion begiak liburutik kendu gabe ere hark bazekiela begira zegokiela. Askotan gertatu ohi da. Behin baino gehiagotan, burua altxatu eta bere ingurura begiratu zuen, so egilea bilatuz bezala, baina bera ongi ezkutatua zegoen aparkalekuko txabolaren atzean.
Handik erraz zain zezakeen umea ere, beste batzuekin jolasean zebilelarik, karramarro harrapatzen ziur asko. Bi edo hiru aldiz erortzeko zorian egon zen haurra, goroldioan irristatuta, eta mutiko haziago batzuek esaten zioten lekura salto egiteko beldurrez ikusteak ondoeza egin zion. Hura gehiago jasan ezinik, zuhurtzia oro abandonatuz, txabola atzetik irten zen. Umearen eta Juliaren artean geratu zen, beraz, biengana dozena bat metroko tartea zuela. Julia “Klara, jaitsi zaitez hortik” esaten entzun zuenean, alde batetik umearen begirada topatu zuela iruditu zitzaion, eta sorbaldan Juliarena sentitzen zuela. Bururik jiratu gabe, aldentzen hasi zen, umeak ezagutuko ez zuen esperantzan, eta, jadanik zeharka baino ezin ikus zezakeenean, hark bi besoak altxatu zituen, ez zekien bera ala Julia agurtzeko, ala, besterik gabe, orekari eusteko, baina berak pausoa arindu zuen.
Beste behin, ordea, elizako arbotante gotikoen babesean etxea zaintzen zegoela, erabat harrapatu zuen haurrak. Diabolo batekin ari zen jolasean, atalaurrean, magnoliaren inguruan. Hain zegoen jolasak hartua, eta bestalde, hain zen trebea jolasean, non berak ere, arreta diaboloan jarri eta, konturatu gabe, ezkutatzeko ardura galdu baitzuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario