Berak, berriz, sarritan hartzen zuen telefonoa deitzeko asmoz, eta batzuetan zenbakia markatu ere egiten zuen, ezin urduriago, gizonak hartuko ote zion beldurrez, baina sekula ez zitzaion halakorik gertatu. Klarak hartu izan zion gehienetan, baina berak eseki egin ohi zuen deus esan gabe, eta hori egiten zuen bakoitzean duintasuna galtzen zuela iruditzen zitzaion.
Hiztegian lan egiteari utzia zion, baina ez zuen horren kontzientziarik. Berez, beti bezala, patrikak fitxaz beteta zeuzkala joan ohi zen leku guztietara, eta noizbehinka hutsen bat zuzentzen zuen, edo komak aldatzen zituen lekuz, behin eta berriz, betiko hitzekin eta helbururik gabe ari zela konturatu gabe. Harik eta behin, hondartzan, folio laurdenak airean antxeta dotoreak bailiran planeatzen ikusi, eta axola ez zitzaiola egiaztatu zuen arte.
Hondarribian Juliaren etxe inguruan ibiltzen hasi zen. Sartzen eta irteten ikusi ohi zuen, Klararekin gehienetan, baina sekula ez zen etxean gizonik sartu. Batzuetan jarraitu egiten zion. Egun haietan Julia sarritan joaten zen bide ondoko parkera, ziur asko Klara beste umeekin jolastu ahal zedin. Harrizko aulkian eserita ikusi ohi zuen, libururen bat irakurtzen, gainerako emakumeen solasean parte hartu gabe. Penelope bat bezala, iruditzen zitzaion.
Inoiz bere presentziaz konturatu eta ez ikusia egiten ziola iruditu zitzaion. Dena den, Klarak ematen zion arazo gehien, atzera-aurrera ibiltzen baitzen gelditu gabe, bat-batean, gutxien espero zuenean, buelta ematen zuelarik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario