Julia atzetik doakio ahal duen azkarren, utz diezaiola berari erantzuten, mendekotasun umiliagarria adierazten duten hitzez erreguka. Salara iristen denerako, ordea, gizona “babo alena, azken aldia, entzun?” esaten ari da, eta Juliak, aurpegia bi eskuez estaliz, “zergatik egin duzu hori” dio zotinka. Aukerarik onesgarriena zen.
Ezin zuen gertakizuna gogotik kendu, eta bazekien haren ondorio ziren lotsa eta umiliazioak ez zutela bizitza osoan abandonatuko. Goizero, esnatzerakoan, zama harekin bizi beharraren nekea sentitzen zuen, eta askotan ohea uztea eragozten zion. Batzuetan duintasuna salbatzeko irtenbide erraza zuela iruditzen zitzaion. Juliari deitu, eta gau hartan zer nahi zuen esplikatu nahi ziola esan. Ez zuen oso esplizitua izan beharrik. Ez Alberto, Ortiz de Zarate etxean hartzeko eskatu zionean, berarekin izan zena baino esplizituago edota are bera ere, Bartzelonako bidaiarena eskatu zionean, Susanarekin izan zena baino gehiago. Albertok horretarako deitu zion gau hartan, esan zion berak beste norbait zuela gordea, eta gizatasun arrazoiak zirela medio, ez politikoak noski, lagundu beharrean zegoela.
Orduan Juliak hitz egin beharko zuen eta gizon hura nor zen esan beharko zion, eta zergatik tratatu zuen era lotsagarri hartan, eta sentitzen zuela. Laguntzeko prest zegoela esaten bazion, berriz, berak eskertzen ziola baina berandu samar zela, horixe erantzungo zion.
Bazekien, ordea, Juliari zegokiola deitzea, desenkusatzeko baino ez bazen ere. Bidezkoa zen, gertatutakoari buruz bere bertsioa emateaz gain, galde ziezaion ea zer nahi zuen ordu haietan kaleko kabina batetik deitzeko. Ez zion deitzen, ordea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario