2011-03-28

324. pasartea

Ez zuen esekitzeko indarrik izan. Komunikazioa eten ondoren, hitz totelen bat esatea lortu zuen. Aparatua zintzilik utzi eta kabinatik irten zen, mozkortuta bezala, ibilera baldarrez. Artean ahots hura belarrietan, haserre ere ez zirudiena, “babo alena, azken aldia” esaten; segurtasunez, ordea, agintari. Amorrua sentitzen zuen, eta lotsa batez ere. Hilik egon nahi zuen, ahalke sentimendu hartaz libratzeko. Indarrez itxi zituen begiak buruan nahasten zitzaizkion irudiak ez ikusteko, baina azkenerako berak nahi izan zuen, bere borondatez, gertaera hura ahalik eta zehatzen marraztu.
Telefonoak bigarren aldiz jotzen duenean, gizonak esan du “utzi niri”. Edo beharbada Juliak eskatu dio hartzeko. “Bera da berriz, har ezazu zuk orain”, ohean etzanda. Gizona ohetik altxatu da. Kandela piztuz josiriko plater gainetik salto eginez, aterik gabeko armairuan zintzilikaturiko jantzien itzala gurutzatu du. Oraindik salara heldu gabe —salan portzelanazko objektuen distira komoda gainean, Hendaiako argi horituena leihoko kristal apainduetan islaturik—, korridorean argiaren etengailua bilatu nahian, bi eskuez horma haztaka ari dela, Juliak ohetik “bidal ezazu pikutara” esaten dio. Julia ohean biluzik.
Ez zen aukerarik krudelena.
Beste era batzuetara ere imajina zezakeen. Adibidez, telefonoak jo duenean Juliak nahi luke jaiki erantzuteko, baina gizonak hartu dio aurrea. “Ikusiko du horrek” esan du zutitzean, eta Juliak, besotik, lepotik, gerritik helduz eragotzi nahi izan arren, modu zakarrean askatu, ohera bultzatu, lurrera beharbada, eta salara bidean gurutzatu du gela. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario