2011-03-28

323. pasartea

Orduan Juliak “hitz egingo dugu bihar” esan zuen, bi aldiz, “hitz egingo dugu bihar, bihar hitz egingo dugu”, urduri baino gehiago presaturik balego bezala, ez haserre nolanahi ere, eta Iñaki Abaituak, zer esan jakin gabe, “baina” txunditu bat ahoskatzea lortu zuenean, berak, orduan lehor, “esekitzera noa, eseki egingo dut” esan, eta eseki egin zuen.
Eseki ondoren ez zen kabinatik irten. Txanponen bila, esaldi mingarri eta krudel bat taxutzen ahalegindu zen. “Zer uste zenuen zuk” hasiko zen zerbait. “Zertarako uste zenuen deitzen nizula”. Ez zitzaion burutik pasatu edozein arrazoi zela-eta erantzuteko eragozpenen bat izan zezakeenik, eta ez zion bihotzik samurtzen, inola ere, biharamunean hitz egiteko egin zion eskaintzak. Berriro ere zenbakia markatzen ari zela, telefonoa hartu bezain laster bere “bai, esan” ohikoa esaten utzi gabe jaurtiko ziona entseiatu zuen, “zer uste zenuen, zertarako deitzen nizula?” eta hark “zer nahi zenuen?” edo “zertarako nahi ninduzun?” galdetzen bazion, ez zuen deia justifikatuko zion aitzakiarik edo esplikaziorik asmatzen ibili beharrik, berandu zela erantzungo zion, beranduegi bere beharrez arduratzeko. Bere artean “ez, ez, orain ez dio axola jada, konponduko naiz zu gabe” esaten ari zela, hariaren bestaldetik “hi, babo alena” aditu zuen, ezustean harrapatu zuen gizonezko-ahots patxadatsua. “Hi, babo alena” esan zion, astiro, ahots maitakorrez ia, benetan babo batekin ari zela uste balu bezala, eta gero, “azken aldia etxe honetara deitzen duala, babo alena, ulertzen?”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario