Ederrak iruditzen zitzaizkion tamarizak, alde guztietatik zura imitatu nahian zementu pintatuaren eranskinez estalita egon arren. Maite zituen, beren eite triste eta hondatua gorabehera, eta munduko ederrena iruditzen zitzaion zementu artean mirari bat bezala sortzen zitzaien berde fina. Urdinez eta horiz osaturik ez dagoen berde bakarra, esan ohi zuen. Ordu hartan, ordea, enbor-adar bihurrituak lur kiskali baten azken landaretza aztarnak iruditu zitzaizkion, euriak jada alferrik bustitzen zituela.
Goizeko ordu biak eta hirurak bitartean, beraz, aparatua hartu eta txanponak sartu zituenean, artean ez zekien zer esan. Bere ondoan nahi zuen Juliaren azalaren epeltasuna. Zenbakia markatzen ari zelarik, ez zekien zer esango zion, ez zuen aitzakia bat bilatzeko astirik hartu eta, bestalde, nekez aurki zezakeen arrazoizkorik desordu hartan etxe batera deitzeko. Azken batean, uste zuen aski zuela “Julia, ni naiz” esatea, hark etxera joateko eska ziezaion. “Zatoz, hemen kontatuko didazu”. Maitasun adierazpen bat lehenbizi, agian.
Hark telefonoa har dezan zain, tirrina joka ariko den gela datorkio gogora, aterik gabeko armairua, portzelanazko objektuz estaliriko komoda, ohe gaineko erretratua, kandela ahituen platera lurrean, argizariz gainezka. Ahotsean igarri zion iratzarri egin zuela, eta bi aldiz “Julia” errepikatu ondoren ere hark, ahotsa ezagutu gabe, “nor da?” galdezka jarraitzen zuenez, “Iñaki naiz, Iñaki Abaitua” esan zion elkar ikusi gabe zeramaten denborak deitura erabiltzera behartuko balu bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario