2011-03-28

321. pasartea

Usaindu ere egin zezakeen haren logelan egon ohi zen menta eta argizari urrina, eta iruditzen zitzaion ez zela nor intimitate haren bakea bortxatzeko.
Ez zen hori. Juliaren inguruan, Iñaki Abaituaren hitzak dira, “unibertso zentzuzko baten existentzia” atzeman zuenean, bertatik baztertua sentitu zen. Hainbestetan gertatu ohi denez, galdutakoan ohartu zen existentzia maitekor hartaz. Nolanahi ere, eremu afektibo haren atea zabal ziezaioten zain eman zituen egunak, berak deitzeko adorerik bildu gabe.
Auskalo zergatik, goiztiri hartan kabina batetik deitzeko erabakia hartu zuen. Baldintza txarrenetan, beraz. Beharbada, kabina batetik goizeko ordu bi eta erdietan deitzeak berak adieraz zezakeelako, berez, hitzek baino hobeto, mezuaren premia.
Kontxako kabina batetik egin zuen deia. Londres hoteleko izkinatik. Hauteskunde gaua zen, eta euria ari zuen. Zubieta eta San Martin kaleen inguruko alderdien egoitzetan, boto kontaketaren esperoa edanean bete zuen jendea zebilen artean, garaipen ez beti bistakoaren ospakizunetan. Hala ere, Kontxako pasealekua hutsik ageri zen, eta hutsago zirudien lehenbiziko etxe ilararen atzetik zetorren algararen oihartzunpean. Han zeuden tamarizak, hosto bakanetatik ur perlak dir-dir zintzilik zeuzkatela, triste, arbola gehienak euripean izan ohi diren bezala. Kantauri zitalari egokitu ezina enbor pitzatuetan nabari, itsaso bareagoen nostalgia hosto finen adatsari erantsita, baina hain donostiarrak halaz guztiz ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario