Juliak ere ikusi zuen, eta Albertok, baina markoa jar ziezaion baino lehen. “69ko uda” esan zuen Juliak, eta ez zion galdetu nola lortu zuen, berak, horren beldur, estuasun handia pasatu bazuen ere. Albertok ere denboran kokatzea egin zuen lehenbiziko gauza. Urtea esan zuen, eta uda. Bestalde, janzkeragatik, begi-bistakoa zen udakoa zela.
Eduardo Ortiz de Zaratek ere ikusiko zuen. Markoa bi eskuetan hartu eta, besoak luzatuz, “horiek zurrupatzaile ezpainak” esan zuen. Bera sagar bat zuritzen ari zen, eta gustura sartuko ziokeen eskuetan zuen labana.
Lan gutxi egiten zuen. Hiru hilabete atzeratuta zebilen laugarren alea inprimategira eramateko, eta aste osoan lau hitz egin zituen. Azkena, “horizonte”, duda egin zuen Azkueren kontra onartu ala ez. “Itsasoak eta zeruak bat egiten duten linea” idatzi zuen, eta hori egin ondoren konturatu zen ezin zuela horizontea itsasorik gabe ulertu.
Ia ez zen kalera irteten, eta ez zuen jenderik ikusten. Ordurako, Alberto joana zen Madrilera, Ane eta Abel gero eta murgilduago zeuden politika lanean, eta Arantxa Nafarroan bizi zen, nekazaritza biologikoa esperimentatzen zuen ingeniari batekin. Ion, berriz, telebistan ikusten zuen, eta egunkarietan.
Juliak ez zion deitzen, eta bera, zergatik ez zekiela, ez zen hari deitzera ausartzen. Sarritan hartu izan zuen telefonoa deitzeko asmoz, baina halakoetan, etxearen irudia etortzen zitzaion gogora, leiho itxiena, ilargiaren isla kristaletan ikarati, magnolia hostoen murmurrak areagotzen zuen isiltasunean, han izan zen azkeneko aldian bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario