2011-03-28

319. pasartea

Magnoliaren ondoan itxaron zuen, elizaren alboko harri solteetan haien urratsak erraz entzungo zituelakoan, ezkutatzeko aski denborarekin. Luzaroan iraun zuen olatuen jolas zuri-beltzari eta farolen isla urrezkoaren ikarari so. Pauso bat entzun gabe. Haizea iparrera aldatu zen, hostoak bortizki astinduz, eta itsasoaren murmur ordura arte isila entzun ahal izan zuen kanpai hots ilun baten seinalera. Hotza sentitu zuen, hezetasuna batez ere, eta alde egiteko garaia zela otu zitzaion.
Haietako egun batean, artaziak hartu eta Juliaren erretratuaren neurrira ebaki zuen folio bat. Marko bat erostera irten zen gero. Zilarrezkoa erosi zuen Easo kaleko denda batean.
Koadroan jarri zuenean, berriro ere ustez Ortiz de Zaratek idatziriko zenbakira deitu zuen. Ez zen inor atera. Susanari ere deitu zion, biak lotzen baitzituen elkarrekin desagertu zirenetik. Hegoamerikar azentudun emakume ahotsak erantzun zion. Sekula ez zuen mezurik uzten, eta orduan ere eseki egin zuen ahotsak Suñertarrak etxean ez zeudela esaten amaitu baino lehen.
Norbait etorriz gero ere argazkirik ez ezkutatzea pentsatu zuen, eta erabaki horrekin konpromiso bat hartzen zuela Juliarekin.
Komoda gainean jarri zuen, eta ama Ingalaterrako erreginarekin —gaitzizen horrekin geratu baitzen izeba— agertu zen egun batean —”inspekzio bisitan”, halaxe esaten zuten haiek—, ikusi egin zuten. Ezinbestekoa, sartu bezain laster hautsa kentzen hasten zirenez, eta amak “beltzaran samarra nire gusturako” esan zuen. Izeba, berriz, alde atera zen, oso modernoa zirudiela esanez, argazkiak hogei urte izan zitzakeela konturatu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario