2011-03-28

318. pasartea

Handik irtendakoan ez zuten asko hitz egin. Alde batetik Ortiz de Zaraterekin topo egiteak nahastu egin zuelako, batez ere ez zekielako zer esan nahi zuen berez despedida formula hutsa izan zitekeen “ea maizago ikusten garen” harekin. “Ea sarriago ikusten garen”, esan zion, esku bat lagunkoi besaburuan jartzen ziola, baina hitz egin, Juliari hitz egin zion nabarmen, horrek zentzurik ez izan arren. Gainera, Juliak Klaraz kezkaturik zegoela esan zuen, eta lagunaren etxetik pasatu beharra zuela gehiago berandutu baino lehen. Presaka ibilarazi zuen aldapan behera eta, kasko zaharretik Porturantz, urduritasuna kutsatu zion berari ere. Isilik egin zuten bidea. Azkenean, despedida hitzak, “ea deitzen didazun”, “ea sarriago ikusten garen” edo antzekoak, eta lagunaren etxean utzi zuen, Juliak erabat eragotzi baitzion, autoa Kofradian zuen arren, Klara hartu eta handik etxera laguntzea.
Ez zion lagunaren etxe inguruan ezkutuan itxaron, hori egiteko desira izan bazuen ere. Miserablea iruditzen zitzaiolako zelatan egotea, baina batez ere hartan harrapatua izateko beldurrez.
Ez zuen herritik alde egin, ordea. Autoa zuen inguruetan egon zen, Kofradia aldean, Hendaiako argiak piztu ziren arte, eta gero Juliarenera jo zuen, asmo garbirik gabe; etxeratu ote ziren ikusteko, esaten zion bere buruari. Argiak itzalita zeuden eta ez zegoen bizitza arrastorik. Berez, oheratuak behar zuten ordurako, baina bazen zerbait, gelditasun erabatekoa agian, etxea hutsik zegoela adierazten ziona.

No hay comentarios:

Publicar un comentario