Eta egun urrun hartan, Catalunya plazan, Ortiz de Zarate ezagutu zuen egunaren biharamunean, harekin zegoen gizon kapeladuna datorkio gogora. Nola, bera hurbildu ahala, beti bizkarra emateko moduan jiratuz ezkutatu zen. Eszena hori gogoratzen ari dela, Eduardo Ortiz de Zarate inguratzen zaie mahaira, ezpainetan zigarro itzali bat daramala. Bi esku zabalduak mantelean jarri eta, mahai gainera makurtuz, Iñaki Abaituarengana biratzen du burua.
—Pozten naiz —dio zigarroa ahotik kendu gabe. “Zer moduz”, gero, eta erantzunarentzat tarterik utzi gabe, “ez dago esan beharrik, primeran, primerako trenean”, orain burua Juliaren aldera bueltatuz. Hatz batez, zigarroaren punta piztu gabea seinalatzen du, sua eskatzeko.
Iñaki Abaituak ez du bere esku ondoan tabako paketearen eta kafe platertxoaren artean dagoen metxeroa hartzeko asmorik erakusten. “Julia”, “lagun bat”, dio, hoztasun nabarmenez.
—Julia, pozten naiz. Emango al zenidake sua, Julia? —esaten dio gozo, gozoegi agian, haren aldera erabat itzulita, Iñaki Abaituari bizkarra ematen diola beraz, eta Juliak eskua mahaiaren bestalderaino luzatzen du metxeroaren bila, eta pizturik eskaintzen dionean, Ortiz de Zaratek bere bi eskuen artean hartzen du harena, eta horrela edukiko du tarte batez, iradokizun sotil izan zitekeena zeinu nabarmenegi bihurtuz, harik eta, uso bat libre utziko lukeen prestidijitadorea imitatuz, berriz ere airean zabaltzen dituen arte.
—Ea sarriago ikusten garen.
Esku bat Iñaki Abaituaren sorbaldan jarriz. Eta poloniarra jadanik eserita zegoen mahairantz abiatu zen gero.
No hay comentarios:
Publicar un comentario