Horregatik ontziratu zen, beraz, oso gogoko ez izan arren, eta are gutxiago beti negarrez zebilen tipo harekin, zeinentzat idazleak bere lepotik bizi ziren eta dirua beste pentsamendurik ez zuten esker txarreko narziso harroputz batzuk baitziren.
Nautikotik ikusi zuen, lurrean zabaldurik zeuden sareen poderioz soro landu berria zirudien larrainean. Klararekin zegoen, haurra inolaz ere egokitzen ez zitzaion eta erabat antigoalekoa zirudien haur-kotxe batean eseria. Forma biribilak, kromatu distiratsuak eta, batez ere, gurpilen babesgarri zabal estilizatuak noizbaiteko chevrolet zoragarrien diseinua zekarten gogora. Jaka urdin ilun bat zeraman Juliak, eta haizeak belaunetan zurrunbilotzen zion gona zuri zabala. Hark ere ikusi zuenean eskua altxatuz zuzendu zion agurrak, ez zeraman pamela haizetik babesteko egina zirudien.
Eder ikusi zuen.
—Julia.
Musu eman zion. Gutxitan ematen zioten musu elkarri agurtzeko. Klara ere laztandu egin zuen. “Ez al zara handiegia kotxean joateko?” Ama-alabek barre egin zuten. Izango ez zen ba. Ume txiki bat zuen lagun bati ematera zihoazen. Gogoratu egin zuen: Klara negarrez polizia etxean sartu zenean.
—Zenbat hazi zaren.
Elkarrekin egin zuten lagunaren etxerainoko bidea. Afari-merienda egin nahi bazuten Mamutzarrera gonbidatzen zituela esatera ausartu zen. Juliak duda egin zuen. Klarak, berriz, “ni Maitaneren etxean geratuko naiz”. Eztikeriaz insistitu zion, Juliak amore eman zuen arte.
Klara lagunaren etxean utzi eta Mamutzarrera joan ziren, kasko zaharrera, denbora egiteko portu aldetik paseo bat eman ondoren. Juliak ez zuen asko afaldu. Etengabe errez, janaria platerean lardaskatzen jardun zuen, Iñaki Abaitua, beste baliabiderik gabe, hiztegiaz mintzo zen bitartean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario