2011-03-28

313. pasartea

Argazkia luzatu zion. Julia ez omen zen inongoa. Aita madrildarra zuen, eta ama Parisen bizi zen beste gizon batekin. Bera amona batekin hazi zen, eta Baionan ikasten zuen. “Badakizu ama markesa zuela? Espainiako handikia eta gauza horiek guztiak”.
Ez zekien. Erretratua hartu eta atzealdea begiratu zion. Albertok esku artean eutsi bitartean, iruditu zitzaion eskaintzaz gainera zerbait zuela idatzia, lehen ez zuen zerbait. Hala zen: “Betiko gordeko zaitut bihotzean”, eta letra mokodun argiz eginiko eskaintza bioleta koloregabetuaren azpian, sei zifrako zenbaki bat ageri zen boligrafoz idatzita.
Ez zuen Ortiz de Zarateren letra ezagutzen, baina bistan zen telefonoz ari zenean hartutako oharra zela. Beste edozerk baino min handiagoa eman zion bere espazio pribatuaren bortxatze hark, eta Albertok alde egindakoan zenbaki hartara deitzea erabaki zuen.
Behin eta berriz deitu zuen, lo hartu arte ia, baina ez zitzaion inor atera. Ezta hurrengo egunetan ere, etengabe saiatu zen arren. Edozein ordutan deitzen zuen. Eduardo Ortiz de Zarateren bila, inkontzienteki. Eta amets egiten zuen, hurrengo goizean etxean agertzen zitzaiola eta berak, inongo beldurrik gabe, zera esaten ziola, ea zer usten zuen, nor zen bere gauzarik intimoenetan zirriborroak egiten ibiltzeko.
Ez zen agertu. Ezustean ikusi zuen, eta arratsaldez. Auzo-Lan argitaletxekoaren belaontzia probatzeko gonbita onartu zuen egunean. Onartu, Hondarribira joateko aitzakia izatearren onartu zuen, Julia ikus zezakeelakoan. Desiratzen baitzegoen hura ikusteko, baina bere duintasunak etxean besterik gabe agertzea eragozten zion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario