2011-03-28

315. pasartea

Kafea hartzen ari ziren jada, besteak sartu zirenean. Gizon ezezaguna beren mahai aurrean geratu zen bitartean, Ortiz de Zarate barruraino sartu eta tximinia aurrean geratu zen, bizkarra ematen zielarik. Urtebete baino gehiago zen ikusten ez zuela. Eta ez zekien haren berri, noizbehinka uzten zizkion zigarrokin, lata huts eta egunkarietako orri zimurtuen arrastoari esker baino.
Soilune biribil perfektua zuen kokotean, ile kizkur kirimilatuaz inguratua, kaskorik gabeko kapela bat bezala. Besteak besoak, gorputzaren luzeari ez zegozkion beso ikaragarri luzeak, zabalduz, “¡hombre, por Dios, qué sorpresa!” esan zuen hegoamerikarra zirudien azentuaz. Julia altxatu egin zen eta gerritik heldu zion bestearen besoak lepo inguruan korapilatu zitzaizkionean, eta era horretan, bata besteari helduta, bizpahiru pauso eman zituzten, dantzan ari bailiran.
“Qué alegria”, “hace tanto tiempo” eta antzeko hitzak gurutzatu zituzten, eta gero gizonak, esku zabalduak Juliaren besaburuetan kokatuz, beregandik aldendu zuen, eranskinak ziruditen besoen artean.
—Minbizia dut, maite, baina ez izurria —”Esto no es contagioso, mijita”. Burua atzera bota zuen, ikuspegiaz are tarte zabalagoz gozatu nahian. “Porque nunca me visitas...”.
Juliak aitzaki hitz nahasiekin erantzun zion —”ez nekien...”, “ez zintudan molestatu nahi...”—, gaiztakerian harrapatu duten haur lotsati baten modura burua makurtuz eta alboratuz, gizonak berea makurtzen eta alboratzen zuen neurrian, haren aurpegiaren bila, haur batekin ari bailitzan, haserre-hitz maitekorrak esaten zizkion bitartean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario