Baietz esaten dio leihotik bueltatu gabe, gogoratzen dela Kontxako pasealekuan jendea gainezka, zaharrak aulkietan eserita, batzuek buruak zapi zuri laukorapilatuz estalita, lurrean haize ahul batek hara-hona darabiltzan patata frijituen poltsa horiak, milaka urratsek erakarritako harea zikinarekin nahasian. Arratsalde amaigabeak. Oreste, Massimo eta Pierettorenak zekarzkioten gogora.
—”Batzuetan udazkeneko ekaitz batek iraizten ditu, eta dena du garbitzen”.
—Il diabolo.
—La richezza della vita è fatta di ricordi, dimenticati.
Isilik diraute. Itsasoa baino ez da entzuten tarte neurtuetan orroka. “Itsasoa eta bere oihu antzinakoa”. Yeats? Yeats, bai.
Argazkiari so hitz egiten zuen, baina ikusi gabe jada.
—Arrantzaleen semeek gorroto gintuzten, arratsaldeetan gurekin etortzen zelako bizikletan. Harrika hartzen gintuzten, madrileños mespretxuz deika. Eta gero iraila etortzen zen, eta marea biziak, tregoarik gabeko eguraldi euritsuak, itzuli beharraren tristezia adierazten zutenak. Azken bainuaren malenkonia, Hondarribiko hondartza bakarti geratzen zenean. Aitak Citroena kargatutakoan “hamar minutu” esaten zuen amak, azken bainurako baimena ematerakoan, eta ordubete izan ohi zen. Behin, anaiak suspentsorik ez zuelako, bakarrik utzi gintuzten neskame batekin kurtsoa hasi arte, eta gero bertan jarraitu behar izan genuen aste batzuetan, anaia barizelak jo eta mugitzerik komeni ez zitzaiolako, eta ni ere hemen utzi ninduten liburu berriekin. Bertakoek berekin jolasten utzi zidaten. Bertakotzat tratatzen hasi zitzaizkidan, eta aurrerantzean berekin hartu ninduten udatiarren kontrako borroketan.
—Eta orain bazoaz.
—Bai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario