Alberto zutik zegoen, komoda ondoan. Kikararentzako lekua bilatu zuen azukrea hartzeko, eta telefono gidaz baliatu zen altzaria babesteko. Azpian erretratua agertu zen. “hobeto zaindu beharko zenuke” esan zion.
Ziur zegoen Juliak gauza bera esan zuela. Baita berak komodako kaxoian gorde zuela ere, beste argazki gehiagoren artean. “Hobeto zaindu beharko nindukezu” esan zion Juliak. Ustekabean Mae Westena eginez agertu zitzaionean. “Bistan da pozten zarela ni ikusita, mutikote”, lotsagabe izan nahian hankartea seinalatzen ziola. Hark ere telefonoz deitu beharra adierazi zion, eta gida azpian aurkitu zuen argazkia.
Pauso bat atzera ematen ikusi zuen, eskuak luzatuz eta begiak ñarrotuz, zutikako lanparari zerion argi hitsaz baliatzeko. “1969ko uda” esan zuen begirik kendu gabe, eta gero “denok geunden maitemindurik”. Iñaki Abaituak argazkia edukitzea justifikatuko zion arrazoiren bat nahi zuen, nola lortu zuen galdetzen bazion. Baina Albertok ez zion deus galdetu. Besterik gabe, pozik zirudien aurkikuntzaz, eta “1969ko uda, denok geunden maitemindurik” esan zuen berriro ere, argazkia utzi gabe besaulkian etzaten zelarik. Iñaki Abaituari begiratu zion irribarretsu, “Pavesek kontatzen dituen egun haiek bezalakoa zen hura, oroitzen? Oreste, Pieretto eta besteak bezala, inoiz lotaratzen ez ginenean eta arratsaldeak amaigabeak zirenean. Orduak egon gintezkeen deus egin gabe, Txingudi ertzean, pretil batean eserita, urari harrika, zer egin genezakeen eztabaidatzen, Julia pasa zedin zain guztiok”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario