—Kontu gehiago izan behar zenuke —errepikatu zuen Albertok, kalekoa zabaltzerakoan haize bolada batek gelakoa indarrez itxi zuenean. Ez zion erantzun. Eduardo Ortiz de Zarateren arrastoa nabarmena zen. Sukaldean ontzi zikinak, jaki prestatuen aluminiozko azalak, lata hutsak. Gelan ohea deseginda, egunkari orriak gainean, komodako kaxoiak irekita eta barrukoa nahas-mahas.
—Hau kuxidadea! Ez nuen uste hain aldrebesa zinenik.
Belarrondoko bat emateko gogoari eutsi zion. “Nik ere ez” esan zuen, haserrea disimulatu gabe. Baina gero ea kaferik nahi al zuen galdetu zion.
Berarentzat bakarrik egin behar bazuen, ezetz. Berdin ziola, egitera zihoan, oihukatu zion sukaldetik, kafearen eta kafeteraren bila.
Bistan zen Eduardo Ortiz de Zarate bera ez zegoenean sartzen zela etxean. Ez zekien nola molda zitekeen bere bidaien berri jakiteko.
Albertoren beraren bitartez, agian.
—Kafeak amerikanoa izan beharko du —esan zion, potoa ia hustuta aurkitu zuenean.
Sala gurutzatu zuen gero, gelan sartu eta egunkari orrien data ikusteko. Aurreko bost egunetakoak ziren. Le Monde atzeratuago bat ere bai, Casas senadorearen gorpua azaltzen zen orrian irekia.
—Ez gaituzu ulertzen, beraz.
—Ziur asko hemendik aurrera ez zaituztet ulertuko.
—Ni neu enteratzen naizela uste baduzu... Niri ere gustatuko litzaidake alde egitea —esan zuen gero—. Ihes egin gabe, ordea.
Korrika abiatu zen sukaldera, kafeteraren hotsa entzutean. “Suertea daukazu” esan zion handik.
Kikarak eskuan, oreka gordetzen nabarmen ahaleginduz agertu zen.
—Ez dago platertxorik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario