Eliza inguratu zuten. Gero, kale nagusitik behera pendiza jaitsi eta errepidera irten ziren. Ez zuten asko hitz egin. Albertok kanpotar sentitzen hasia zela esan zion. Eta Iñaki Abaituak sentimendu hura zertan finkatzen zuen jakin nahi izan zuenean, iheskor azaldu zen. Kontua ez zen ez zituela ulertzen, baizik eta ez zela erabakirik hartzeko gai sentitzen. Neurri batean familiarteko liskarrak ziruditelako.
Iñaki Abaituaren etxera heldu zirenean, kopa bat hartzea onartu zuen. Igogailuan gora, Eduardo Ortiz de Zaratez oroitu zen. Ez zuen haren berririk Susanarekin Bartzelonara alde egin zuenetik. Susanarenik ere ez. Aurreko egunean haren etxera joana zen Bartzelonan, eta atezainak esan zion ez zirela han bizi. Igogailutik irten eta giltzaren bila ari zela, ate azpiko haize korronteaz ohartu zen. Txistua ere entzun zitekeen. Atea ireki zuen. Zabalik zegoen leihoa. Alberto ere konturatu egin zen.
—Kontu pixka bat izan behar zenuke —esan zion.
Ez zuen erantzun. Atea sarrail buelta bakar batez zegoen itxita. Berak utzi ez bezala, amak sekula utziko ez zukeen bezala. Baina bazekien hura ez zegoela etxean. Etxean zegoenean leihoa itxita edukitzen baitzuen. Askotan pentsatu izan zuen ohitura hartan. Zergatik etxetik alde egiterakoan leihoa zabalik uzten zuen, alegia. Hipotesi bakar bat zuen, eta ez zitzaion oso gogoko: hain zuzen ere, bera kanpoan zen bitartean norbait sartu ote zen jakiteko. Baina horretarako baziren beste era batzuk, eta konturatu gabe era posible haietan pentsatzen hasi zen. Filmetan ile bat jarri ohi zuten atean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario