Inork ez zituen espero hitz haiek. Madrilera itzultzekotan zela. Aitaren klinikari porrot egiten laguntzera, esan zuen etsipenez. “Badakizue, hirugarren belaunaldiaren patua betetzera”.
—Joder baietz, aldatu dira, bai, gauzak —esan zuen Iñaki Abaituak ahapeka, eta gau osoan esan zuen ia gauza bakarra izan zen hura.
Biltzarra amaitua zen. Sinesmenik gabeko protestaren bat egin zioten Albertori hartua zuen erabakiagatik. Ez zuen serio jarri nahi, baina ulertu behar zuten ezin zuela Fermín Calbetón herniatik operatu zuten eritetxea abandonatu. Noiz alde egin behar zuen jakin nahi izan zuten gero, non bizi behar zuen. Udetan itzuliko zen, umetan bezala. “Bueno” esan zuen “jarriko al duzue Eusko gudariak hori, ala ez?”.
Ez zegoen zintarik, ordea. Atalaurrera irten ziren denak. Magnoliaren hostoak distiratsu ageri ziren, zukuz beteta. “Sentitzen dut” desenkusatu zen Julia, “erosiko dut beste zinta bat hurrengorako”.
—Ikusiko gara joan aurretik —esan zion Ionek Albertori motor hotsaren gainetik.
Iñaki Abaituak, geratuko zela, baina aireportutik zuzenean etorrita, autorik gabe zegoela, eta gainera Juliak ez zion gonbitik egin. Albertoren autoan sartu zen.
—Orain “Eusko gudariak” Ervitin eros daiteke, horixe aldatu da —Arantxak.
Julia zuriz nabarmentzen zen magnoliaren ondoan. Esku bat jarri zuen begi gainean bisera gisa, bestea agur egiteko altxatuz.
—Bazoaz, hortaz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario