2011-03-28

307. pasartea

Huskeriez jardun zuten. Klaraz, hiztegiaz berriz ere, noizko bukatuko zuen, nola ospatuko zuten amaitzen zuen egunean. “Amaitzen badut” esan zuen Iñaki Abaituak, eta benetan ari zela zirudien.
—Denak du amaiera bat —Juliak.
Eta amaia hitzarekin jolasean jardun zuten. “Amaia da hasiera”, “ongi dago ongi amaitutakoa”, esaldi topikoak ganoragabe lotzen, eta esalearen izena asmatzen. Liskarraz ahaztuak ziruditenean, guztien harridurarako, Ion Igartuak besaulkitik altxatu, eta “amaitu da festa” esan zien, denak harri eta zur utziz.
“Amaitu da festa”. Eta argitasun hura eman gabe ezin alde egin bailuen, Abelen aurpegia bilatuz, “herriak badaki” esan zuen “gauza bat dela multikopistari eragitea, eta beste bat industria antolatzeko gai izatea”. Besoa luzatu eta ordulariari begiratu zion. “Barkatuko didazue, baina oso berandu da, eta bihar goiz altxatu beharra daukat”.
—Ez egidazu esan Eusko gudariak jarri gabe alde egin behar diguzunik.
Arantxak besoak zabaldu zituen, harridura keinua areagotuz. Gero, eskuak aldaketan kokatuz, “noski aldatu direla gauzak”.
—Aldatu dira, bai.
Ion atean zegoen jada. Abel bilatu zuen begiez “aldatu dira, bai” esatean. Gero, hatza luzatuz, “ea zer ari zareten bestela, atzo bertan abenturero burges txiki batzuk ziren zoro horien artean”.
Pauso bat atzera egin zuten biek, elkarri muga bat gorde beharra zegoela adierazteko bezala. Hala ere, Alberto, zarabandatik altxatu eta bien artean kokatu zen beso-zabalik, lauki erdian jarritako epailearen gisan, esku bakoitzaz haietako bat seinalatzen. Entzuteko esan zien.
—Entzun notizia bat. Jakinarazten dizuet iritsi dela nire exilioa amaitutzat emateko ordua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario