Azkenean, Anek “merezi zuela uste duzu?” esan zion Ion Igartuari —kopa eskaintzen ari zitzaionean, hain zuzen—, eta Abelek “ez al da gehiegi izango?” edo “ez al duzu gehiegi edan?” bezalako zerbaitekin aurrera jarraitzea galarazi nahi izan zion arren, segitu egin zuen hark, “merezi izan duela, hainbeste odol eta sufrimendu eta atzerriratze, honetarako?”. Eskuan zuen gin-tonicari buruz ari bailitzan.
Urte batzuk lehenago Ionek gaia aldatuko zukeen beharbada, baina ordukoan “merezi al zuen zerk?, zerk merezi zuen?” galdetu zion, eta erantzunik itxaron gabe jarraitu zuen, ongi ikasia zirudien jardunean. Hitz egitean erabateko segurtasuna erakusten zuela.
Segurtasun harexek atera zuen Arantxa bere onetik.
—Beste bat zara —esan zion penaz.
—Betikoa naiz. Beti esaten nizuen egun honetarako prestatu beharra zegoela.
—Hainbeste odol, borroka eta neke —insistitu zuen Anek—, orain auskalo non zeuden batzuk azal daitezen.
Ionek ez zion amaitzen utzi; besoak zabaldu zituen adoretsu.
—Herriak nahi duena etor dadin.
—Eta herriak zuek etortzea nahi.
Abelek ezin ezkuta zezakeen haserrea. Kokotsa altxatu beharra zuen dardarizoa disimulatu nahi lukeen agure baten gisan. “Eta herriak zuek etortzea nahi” esatean, atsekabeturik zirudien.
—Zergatik ez duzue gaia aldatzen —eskatu zien Juliak. Sinesmen handirik gabe esan zuen, baina kasu egin zioten. Bazekiten haserretzen baziren hura akabo zela betiko. Ez zutela adiskidetzeko kemenik izango.
No hay comentarios:
Publicar un comentario