2011-03-28

305. pasartea

—Zerorrek esan duzu —erantzuten dio Abeli, zuzen begiratuz, itxuraz errietarako prest, baina Iñaki Abaituarengana jiratzen da gero, hiztegiaren aitzakia betikoaren bila.
Zein letratan ari den.
U-n ari zela esan zuen, “uharte”n hain zuzen. Ohiturik zegoen galdera hartara, ikasleak mundu guztiari atera dituzten noten kontu ematera dauden bezala. “Zenbat suspentso?”. Ikasle txar batek bezala, gezurra esan zuen. Berez s letra bukatu gabe zuen. Arratsalde hartan bertan heldua zen Bartzelonatik, “musika-sinodo” ordenagailuan sartzetik, eta ez zuen etxetik pasatzeko astirik izan. Horregatik zegoen traje urdinez eta gorbataz jantzita.
Hortik ekin zion Anek diosal gisa, “zuri ere ez doakizu gaizki” esanez. Bistan zegoen aproposko “zuri ere” hura Ion Igartuarengatik zela. Denek zekiten hori, Ionek ere bai, baina ez zuen deus esan. Errietarik gabe afaltzea lortu zuten, eta “nork egiten ditu munduko gin-tonic hoberenak?” esateko ordua etorri zenean, ez zuen betiko alaitasunez esan. Faltsua atera zitzaion ahotsa, eta mezetan baleude bezala erantzun zuten guztiek, aho batez baina gogorik gabe, “Ionek, Ionek egiten ditu munduko gin-tonic hoberenak”.
Ahituta zegoen hiztegiaren gaia, Juliak agortu zuen Klararena —”zazpi urte handi, nola zahartzen garen”, eta abar—, eta isiluneak luzeagoak ziren, sakonagoak. Gai tabu bat saihestu nahi denean bezala, beste ezertaz hitz egitea lortu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario