2011-03-28

304. pasartea

“Iraultza elkarrekin asko egotea da” esan zuen Arantxak. “Oroitzen?”
Gogoan zuten Arantxak aipamen hori egiten zuen bakoitzean eztabaida izaten zutela. Abelek Malrauxena zela esaten zuelako, eta Arantxak, berriz, Claire Malrauxena, eta azkenean Claire, Malrauxen arreba ala emaztea zen ere eztabaidatzen zuten. “Iraultzaren bidea errieta izan balitz, dudarik gabe egina zenuten” esan zuen Juliak.
Afalostea zen, eta garai batean ohiko zituzten lekuetan kokatuta zeuden. Ane Abel zegoen besaulkiaren besoan eserita; Arantxa larruzko pufean Ioni begira; hau hormaren kontra eta leiho aurrean, sofa gainean etzanda; Alberto liburutegiaren zokoan urrundua; Julia lurrean alfonbra zuriaren gainean eserita, zirkulua ixten, atzean Iñaki Abaitua zuela leihoaren kontra.
Oso gutxitan ikusten zuten elkar. Berez, atxilotu zituztenetik hasi ziren bakantzen haien arteko bilerak, etxea erreta zegoelako, espazio bortxatua-edo iruditzen zitzaielako, eta neurri handi batean espazio harexek lotu izan zituen ordura arte. Denek esan zuten hori. Eta gehiagotan bildu behar zutela.
—Ez dakit nola iraun ahal izan dudan zuek gabe —dio Ionek, alkoholaren lurrina begietan dantzari. Eta badakite benetan ari dela. Berari leporatzen diote gehiago ez ikustearen errua, erabakitako eguna bizpahiru aldiz atzeratu duelako. Oso inportantea bihurtu delako, esaten diote.
Beti bezala, Ion da eztabaida saihesteko erabiliko duten aitzakia. “Egunkariak erosi beharra baitago zure berri jakiteko”. Anek eta Arantxak zirikatzen dute batez ere. Egia al den bigarren doala Kongresurako. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario