Ia maitekorra izan zen “etorrita ere ez dizut aterik irekiko” esatean, baina gero metalezko bihurtu zitzaion ahotsa: “Orain moztu egingo dut, Iñaki, moztera noa”. Eta moztu egin zuen.
Txunditurik atera zen kabinatik, eta postako eskailerak igo zituen. Barnean argitasuna gordina zen, eta beilaren arrastoak areagotzen zizkien aurpegiei. Zorua estaltzen zuten paperetariko bat jaso zuen. Telegramaren kopia zen. “Su Excelencia el Jefe del Estado. Palacio del Pardo Madrid. Rogamos a Su Excelencia conceda indulto a los condenados a pena de muerte”. Erdiko mahaietan jendea testua kopiatzen ari zen, eta berak ere gauza berari ekin zion. Gero, ilaran jarri zen bere txandaren zain. Leihatilaren alde banatara bi polizia zeuden, noizbehinka telegrama jarri ondoren ordaintzen ari zirenei nortasun agiria eskatzen zietenak. Eskuak izerditan zeuzkan, eta urduritasun sintoma horrek areago urduritu zuen. Ez zen ausartzen ilara utzi eta postatik irteten, jendeak gaizki irizteaz gain, agiria eskatzeko arriskua areagotu zezakeelako. Leihatilaren ondoan inprimaki huts pila zegoen, eta bigarren egon arte itxaron zuen ale bat eskuratzeko. Polizien begirada arretatsupean mi más sentido pésame idatzi zuen, eta bere helbidea. Gero ez zitzaiola inporta erantzun zion atseginez “siento que haya tenido que esperar tanto” desenkusatu zen funtzionarioari. Eskerrak eman eta euritara irten zen. Ezin zuen burutik kendu Daniel Zabalegiren irudia, autoaren leihatila aurrean makurtuta, “gauza hauek balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira” esatean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario