2011-03-28

302. pasartea

Mahai baten aurrean pattar botila batekin. Eta zein pattar izan zitekeen ere pentsatu zuen. Edozein pattar merke. Aurrerago, ez ziotela eman esango zion kapilauak. Hitzez hitz, “se le dio”, edo “se le facilitó” agian, “todo lo que quiso, refrescos, café. Naturalmente, bebidas alcohólicas no”. Refrescos esango zion, eta naturalmente, bebidas alcohólicas no. Baina orduan ezin imajina zezakeen horrelakorik, alkoholaren kontsolamendua ere uka ziezaioketenik alegia, eta Fundador botila baten aurrean imajinatzen zuen, berak ere pattarraren errea sentitu nahi zuelako, beharbada, jendartearen beroa bezainbat.
Tabernak itxita zeuden, ordea. Telegramak jartzeko ilara ere desagertua zen Urdaneta kaletik. Bi jeep zeuden postako atean, eta jendea, ez asko, sartu-irtenean. Ziurtzat eman zuen nortasun agiria eskatuko ziotela, eta, zertarako oso ondo ez bazekien ere, Juliari deitu zion kabina batetik. Berehala hartu zuen hark. Doi antsietate puntu bat, “bai, esan” erantzun zuenean.
—Nortasun agiria zure etxean utzi dut, gabardinarekin.
—Horregatik deitu al didazu? —Ez zirudien haserre, dezepzionatua agian.
—Ezin dut telegramarik jarri nortasun agiririk gabe.
—Orain ezin zara honaino etorri. Ez kezkatu, telegrama bat gehiago edo gutxiago, berdin izango da. Zoaz ohera.
Ohera joateko asmotan zen, baina protesta egin zuen berriro. Telegrama jarri nahi zuen, eta horretarako derrigorrezkoa zitzaion nortasun agiria, eta orduantxe nabaritu zion lehenago sekula erreparatu ez zion doinu zeken bat ahotsean. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario