Iñaki Abaituak esku bat jartzen dio masailean, doi ukituz, arrotza den zerbait dastatuz bezala. Gero, kendu ondoren, hatzei so geratzen da, Juliak bere esku batean hartu eta ezpainetara eramaten dituen arte.
Juliak berak mugitzen ditu orain hatzak airean, erpurua besteen kontra igurtziz, itsatsia lukeen zerbait deseransteko asmoz bezala.
—Nola da?
Ez daki zergatik, baina badaki haragiaren tristezia kontsolaezinaz mintzo den poemaz galdetzen diola. Ez dakiela esaten dio, ordea, zergatik jakin gabe, jaka soinean egokituz, badoala adierazteko. Juliak ez dio eragozten. “Kontuz bidean” esaten dio atean, eta han iraungo du, keinurik egin gabe, autoa elizaren albotik desagertuko den arte.
Ez zen konturatu gabardina komoda gainean utzi zuela, eta nortasun agiria haren patrikan, Pasaiako portu parean kontrol bat ikusi zuen arte. Zentralak hodei astun bat isurtzen zuen, portuko argitasun bakana ahulagotzen zuena, eta garabiek makurtuak zituzten beren beso erraldoiak haren zamapean, animalia umiliatuen antzera. Aurreko autoaren ondoren geratu zen, bide ertzean, baina zirkulatzeko agindu zioten linterna batez, bizpahiru segundoz fokupean eduki ondoren.
Donostiako kaleak hutsik ageri ziren eta Abenidako farola berrien argi gordinak areagotu egiten zuen hiriaren hustasuna. Urbietatik jo zuen oinez. Lanbroa ari zuen, baina giroa epela zen. Burgosen hotza egingo zuela pentsatu zuen, eta berriro ere Daniel Zabalegiren irudia etorri zitzaion gogora.
No hay comentarios:
Publicar un comentario