Benetako nekea begietan, eta tristura gozo bat ezpainetan.
—Ba al dakizu oso nekaturik nagoela?
Ilea buru atzean korapilatzeko besoak altxatzen dituenean, galtzarbe bilotsuak bi sexu ilunen antzo agertzen zaizkio.
Badaki dagoeneko hark ohea zabalik duela. Lurrean, argizariz gainezka egindako platerean, kolore desberdinetako kandelek sutan dirautela, hormetan zehar itzalak urduri kulunkaraziz. Badaki, halaber, aterik gabeko armairuan zintzilikaturiko jantziek inora ere ez doan bus bateko bidaiari ilunak diruditela.
Klararen ahotsa entzun da, ametsetan ziur asko, negarra gero. Julia desagertu egin da berriro ere, alboko atean orain, eta ahots beroa entzuten dio, txikikari gozoz josiriko solasean. Haur kanta baten zurrumurrua gero.
Badaki alde egin behar duela.
Ahotsa garondoan entzuten du orain, are beroago, xuxurla bihurtuta, eta gerritik lotzen dute bi besok. Bereak zabaltzen ditu, atezangoei ezker-eskuin heltzeko, barrurantz bultzatuko lukeen indar izugarri bati eutsi behar balio bezala. Ez dio inolako indarrari eutsi behar, ordea. Juliak doi jartzen dio bekokia sorbaldan, eta gerria inguratzen zioten besoak aldaketan zehar irristatu dira. Kandela piztuen argi-itzal dardaratiek bizitu egin dute oheburuko erretratua, zuri-beltzen kontrajartze gordinari grisaren ñabardura eranstean. Betondoetako itzalak sakonagoa dirudi, irribarreak eztiagoa. Ea nor zen galdetzen zionetan, bera baina beste garai batean, erantzun ohi zuen. “Nor nahi duzu izatea? Neu, garai hobeetan”.
Oraingoan ez dio ezer. Juliak hitz egiten du. “Alde egin nahi, eta atea nola aurkitu ez dakien norbait dirudizu”. “Ez da egia”, protesta egiten du, “alderantziz”. Juliak, barrez: “Agian geratu bai, baina non ez dakienen bat”. Biek egiten dute barre. Labur.
—Joan egin beharko zenuke, biok gaude nekatuta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario