2011-03-28

299. pasartea

Autoarekin zegoela eta postan ikusiko zirela esan zien. Atea itxi zutenean, biak geratu ziren zutik, elkarren ondoan. Julia besarkatzeko gogoa sentitu zuen, haren epeltasunean gordetzeko desira, haren fereken gozotasunean galtzekoa. Juliaren hatz gihartsuak zehatzak ziren, trebeak erregistro gozoetan. Baina ez zuen desiratzen. Haren edertasun beteari tristezia zeriolako, udako arratsalde bero batzuei darien bezala, fruitu helduen urrinak gainbeheraren mezua baitarama. Inoiz ez zuen haren sabelik ukitu, dekadentziaren aztarna sentitzeko beldur.
Juliak kaleko atea itxi zuen, hitzik esan gabe. Gero gelarantz joan zen korridorean barrena, bera sarrera ondoan zutik ez balego bezala. Zutik iraun zuen, sala ondoan mugitu gabe. Amaitu gabe zuten mahaia jasotzeko lana, hautsontziak gainezka zeuden, eta ke urdin bat zeukan erantsita argitasun laranja epela isurtzen zuen lanparak. Komoda gainean, Klararen argazkiak zilarrezko markoetan, eta merkatu txikietan eskuraturiko objektuak. Ez zen alferrikakoa apaingarri huts bilakaturiko portzelanazko tresna zaharren ahalegina —lorontzi bihurtutako palanganarena, lanpara zen txarroarena— beren jatorrizko betekizuna gogorarazteko.
—Musika jartzerik nahi?
Julia ere korridorean dago, hiru metro harantzago, gela aurrean. Iñaki Abaituak ezetz egiten dio buruaz, besoak erortzen utziz. Zerbait nahi eta nola eskatu ez dakien mutila da. Gela barnean desagertzen ikusten du, korridoretik mugitu gabe, sorbaldak horma baten kontra eta oin puntak ia bestean kokatuta, airean eseria dagoenaren itxuraz. Badaki bera ez balego bezala arituko dela Julia, gerririk gabeko kamisoi luzea jantzi, ohi duenez, eta atean agertuko dela berriro, “ba al dakizu oso nekaturik nagoela?” esateko. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario