Albertok bazekien zaharrek kurba arriskutsuenetako pretiletan esertzeko ohitura bazuten, gazteak beren moto eta auto bizkorretan gidari hiltzen ikusteko desiraz esertzen zirela. Hartara, erlatibizatu egin zezaketen beren heriotzaren hurbiltasuna. Eskua bekokian ezarri, eta burua atzera bota zuen, zerbait gogoratu nahian bezala. “Pierettok zioen agureak arratsetan, aulkietan eserita, aspertu egiten direla zerbaiten esperoan, zerbait izugarriaren esperoan. Hiria suntsitzea, apokalipsia...”.
—Pavese, Il diabolo sulle coline.
—Ecco.
Albertok irribarre egin zuen, pozik, aipua atzeman zuelako. Pavese-zalea zen. Iñaki Abaituak, berriz, Paveseri Il mestiere baino ez zion irakurtzen, sarritan hala ere. Sarritan aipatzen zituen haren esaldi biribilak, ordu misoginoetan batez ere. 9 settembre. Sono un popolo nemico, le done, come il popolo tedesco.
Laino urratu batetik ilargia agertu zen eta haren argipean urazalak galipot likina zirudien. Salarantz itzuli zen berriro ere. Asmatzen al zuten non jartzen zieten burua gilotinatutakoei?
Ez zioten jaramonik egin, une hartan telefonoak jo baitzuen. Anek hartu zuen, Abelek Paristik deitzea espero zuelako. Eta bera zen.
Parisen egundoko manifestaldia izan zela eta gobernu frantsesa presio handia egiten ari zitzaiola Francori. Ba omen zekien Espainia erdia posta bulegoetan zegoela ere, telegramak jartzen, indultu eske.
Beraz, postara abiatzea erabaki zuten, ea zer gertatzen zen ikustera. Juliak, ordea, ezin zuen Klara bakarrik utzi.
Arantxak eta Anek ia ahots batez “eta zuk zer egin behar duzu?” galdetu zioten Iñaki Abaituari. Han gelditzea aurpegiratzen ziotela zirudien. Berez, Julia babesten ari ziren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario