Iñaki Abaituak indarrez utzi zuen edontzia mahai gainean, uste baino altuagoa zelako beharbada, eta solasa moztu nahi zuela iruditu zitzaien. Arantxak zuen hitza. Espagetiak lardaskatzen ari zen sardexkaz, eta “hainbeste heriotza” esan zuen. Isildu egin zen Iñaki Abaituak edontziaz mahai gaina jo zuenean.
—Heriotza horiek oso ongi datozkigu geure heriotza propio eta partikularra ahazteko.
Ea zer esan nahi zuen. Arantxaren lepoko zain handituak haserre eutsiezinaren adierazle izaten ziren. Lepo zaintsua luzatu zuen ea zer esan nahi zuen galdetzean.
Heriotza ideia zibila dela esan nahi zuen. J.J. Lasaren salako giro baketsuaz, pipa-tabakoaren urrin gozoaz oroitu zelako, beharbada, haserretu gabe erantzutea lortu zuen. J.J. Lasak askotan esaten baitzuen heriotza ideia zibila dela. Fusilak mintzo direnean eta gazteenak, gartsuenak, osasuntsuenak hiltzen dituztenean, orduan, zaharrak, neurotikoak, hipokondriakoak batez ere, ahaztu egiten dira bake denboran heriotzaren mezua dakarkieten hemorroide miserableez. Bada bere izuari ihes egiteko gerraz baliatzen den jendea. Haren hitzak ziren.
Ion Igartuak edontzi hutsa kentzen dio eskutik. Ez dio galdetzen, ordea, ea nork egiten dituen munduko gin-tonic hoberenak. Baina, galdetu gabe, bera da “Ion Igartuak egiten ditu munduko gin-tonic hoberenak” dioena. Plater bukatu gabeak mahai erdirantz bultzatzen hasi dira.
—Mozkortuta zaude —Anek, mahaia jasotzen hasia.
Baina ez zegoen mozkorturik. Aitzakia zuen alkohola. Askotan esan ohi zien ez zuela herabetasunez edaten, zenbait gauza mozkortu gabe esatea edukazio falta delako baizik.
—Ni mozkorra eta zu moja maoista —erantzun zion, eta Albertorengana bueltatu zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario