Gehienetan Ion izan ohi zen sukaldari, eta batzuetan Iñaki Abaitua. Emakumeek garbiketa egiten zuten. Albertori, berriz, ez zioten ezer egiten uzten. “Egunen batean cocido bat egingo dizuet” esan beharra besterik ez zuen izaten, eta zarabandan esertzen zen bere zokoan.
—Zer espero daiteke garbantzuez harro dagoen herriaz —adarra jotzen zion Ionek. Eta orduan berak, kexu, ez ziotela bere kultura errespetatzen esaten zien. “Garbantzuen cocidoa nire kultura madrildarra da, nire aberria”. Bazekiten ez zela erabat txantxetan ari.
—Kanpoan dauden euskaldunek euskaldun kontzientziari eustea nahi zenukete, baina nik cocidoari uko egitea.
Iñaki Abaituak kristal beltzean islaturik ikusten zituen.
—Hi euskalduna haiz, ordea. Euskaraz ari haiz, ezta?
Ioni kalte egiten zion hark madrildar jatorria aipatzeak. Hura maitatzeko eragozpen bat bailitzan. Isildu egin ziren denak. Halako abaguneetan, Ion Igartuak, ia beti, “nork egiten ditu munduko gin-tonic hoberenak?” galdetu ohi zuen, baina orduan ez zuen galdetu.
Mahai inguruan eseriz joan ziren banan-banan. Baina han ez zegoen betiko giroa. Mahai tresnek hots handiagoa ateratzen zuten plateretan, eta ogia ebakitzeko edo ardoa pasatzeko ohiko hitz arruntek larriak ziruditen.
—Hau guztia amaituko denean... —Arantxak sardexkan bildu zituen espagetiak, esaldirik amaitu gabe. Ionek beti esaten zion zurrupatzea zela espagetiak jateko legea, bere onetik ateratzen zuela sardexkaren mugimendu kurtsi hark. Baina egun hartan hori ere ez zion esan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario