2011-03-28

295. pasartea

Ez zen telegramarik izan, baina bai itxaronaldiaren arrazoi jakinik gabeko luzamendua, trantzea larriago egingo zuena. Ez zekiten. Norbaitek, Arantxak edo Anek, “ikaragarria da, hiltzeko ordu jakin bat izatea” esan zuen. Horretarako bildu ziren, sentimendu horren partaide izateko.
Arantxak edo Anek irakurria zuten bizitzea ezinezkoa litzatekeela noiz hilko garen jakingo bagenu. “Okerrena ez da hiltzea, noiz hilko garen jakitea baizik”.
—Leonidas Andreiev.
Iñaki Abaitua edalontziaren hondoari begira zegoen, hutsik ikusteaz harriturik bezala. Denak zeuzkan begira. Ba al zekiten non jartzen zieten burua gilotinatuei. Guztiei iruditu zitzaien gustu txarreko gehiegikeria. Ia beti bezala, Arantxak gaitzetsi zion bere izateko modua.
—Ze zoroa zaren.
Leihorantz bueltatu zen. Gaua ilargirik gabea zen, beltza, eta herrian ez zuten argirik piztu. Aurrean, Hendaiakoak horiak ziren, zimelak.
Daniel Zabalegi zurezko mahai baten aurrean eserita ikusi zuen. Mahai gainean pattar botila bat. Hatz izoztuez masaileko angioma ferekatzen zuen, azal ubelaren azpian odol-hodi hautsiei zerien epeltasunaren bila. Bere buruarekiko erruki mugagabea sentitu behar zuen, angustia izugarria, alkoholak ezin ito zezakeena. Artean ez zekien alkohola debekatu ziotenik.
Ion Igartuak ea zerbait afalduko duten esan du, eta Juliak, beti bezala, jakien kontaketa egiten die hozkailuaren aurrean. Espageti batzuk egiteko lain. Ea nola gogoratzen ziren jateaz. Arantxa beti zen kexu jatea beste pentsamendurik ez zutelako. Baina gero berak jaten zuen gogotsuen. Ionek hori aurpegiratzen zion beti.

No hay comentarios:

Publicar un comentario