Arantxak oroitarazi zien. Heriotza ikaragarria. Guztiak zeuden ados, ez zegoen adorea eskatzerik. “Gizajoa” esan zuen Arantxak, “ez nazazue hil erregutzen omen zuen, besoak zabalik, ez naiz gehiago txoko honetatik mugituko, baina mesedez, ez nazazue hil”.
—Bizi, ez du axola nola... baina bizi —dio Iñaki Abaituak, Dostoievskik Hildakoen Etxea-n bezala.
Ez zen aipamen bakarra izan. Turgeniev edo Lombroso ekarri zituen gogora. Baita Bacon ere. Baconen latinkadak zituen gogoko, heriotzaren ikaragarriari eskainitakoak.
Eta Camus aipatu zuten, noski. Adoreaz ari baitziren. Ba al zegoen kondenatu bati adoretsu izatea eskatzerik. Eta zer zen adoretsu izatea, galdetu zuen Juliak. Norbaitek Camusen aipamena egin zuen: haren iritziz intelektualak ahulago omen dira urkamendian, baina ez berez ahulago direlako, imajinazio handiagoa dutelako baizik. Ordura arteko bizimoduak ere eragina izan behar heriotza onartzerakoan. Bizitza nolakoa izan den, erraza ala zaila izan den, alegia. Hori zioen Arantxa Olabek. Camusen hitzetan, esan zuen, edo Sartreren hitzetan, ez zekien. Camusek eta Sartrek jakingo balute nahastu egiten zituela, esan zion Anek.
Zentzuzkoa zen. Bizitzan zehar etsipenez sufritzen ohituek exekuzioaren tramitea ere mendekotasunez eta etsipenez onartzea. Camusek zioen hori ere, edo Sartrek, eta egia izatea espero zuten, Daniel Zabalegi, biziaren grazia eskatuz, borreroen aurrean belaunika ez zedin.
Ez zuten bakardadeaz hitz egin, baina bai esperantzaz. Noizbehinka, norbaitek azken orduko barkamenaren posibilitatea aipatzen zuen, eta orduan isilik geratzen ziren, barkamenaren telegrama iragarriko luketen urratsak entzun zain baileuden.
No hay comentarios:
Publicar un comentario