2011-03-28

293. pasartea

Ezin zuen ahaztu, inork ezingo zuen. Goibel sentitzen ziren, gizon batek askatasunaren alde, hein batean berengatik ere bai, hil behar zuelako; baita errudun ere. Neurri batean liluraturik ere bazeuden, bere boterea ordu jakinean eta erritual zehatz bati lotuta azalduko zuen heriotzaren aurrean.
Artean ez zekiten garrotez ala fusilaturik hilko zuten. Guztiek zuten irakurria Sueiro, eta imajina zezaketen haren obran agertzen diren borreroetariko bat torlojua probatu eta “va como la seda” esaten. Puig Antichen heriotza zuten erreferentzi puntu.
Sakristia bat dirudien aretoan, arrebek etxetik ekarri duten afari ukitu gabea, mahai gainean pendulua geldirik duen hormako erlojua. Egunkarietan agertu zen. Nola inguratutako guztiak traje ilunez jantzita zeuden, eta ordua zaintzen zuten ezkutuki. Nola “garaia da” entzun zen, eta Puig Antichek burua ezker-eskuin jiratuz ezetz egin zuen. Burua oso poliki mugituz hasiera batean, indarrez astinduz gero, eta belaunikatu egin zen, aurrerantz makurtuz bekokiaz zorua jotzeraino, ez zuela hil nahi oihuka.
Bi arrebak ere berarekin belaunikatu omen ziren. Batek bere berokiaz babesten zuen eta bere gorputzaz besteak, “ez, ez, gizajoa” edo “ez, ez, ene laztana” edo antzeko hitzez kontsolatu nahi zutelarik, baina halako batean bietako bat gizonengana itzuli eta, hatz batez seinalatuz, “zergatik hil behar duzue” esan zien, berak ere emeki lehenbizi, hiru, lau aldiz, eta garrasika azkenean, “zergatik hil behar duzue, faxista zikinok!”. Ezin eragotzi izan zuten, ordea, lurrean arrastaka patiorako bidean atera zezaten, “ez nazazue hil” erregutzen zielarik, “hemen egongo naiz betiko, zoko batean, mugitu gabe, baina ez nazazue hil”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario