Astiro edaten zuten, bata bestearen aurrean, epeltasun pizgarria masailetan, sabaian kulunkatzen ziren itzalei begira, tabakoaren gozotasun pisuak begiak ixteko zuen eraginari kontra egiten ahaleginduz. Etxe barruko erosotasunaren eta kanpoan sumatzen zen trafiko hotsaren arteko kontrastea nabarmena bihurtzen zenean, edozertaz hitz egiten zuten.
—Zertaz ari ginen?
Noizbehinka erudizioaren hegalez gai batetik bestera egiten zuenean, “zertaz ari ginen?” galdetzen zuen, gaia zein zen ongi asko jakin arren. Hori iruditu zitzaion Iñaki Abaituari, ongiegi zekiela zertaz ari ziren, jarraian “a bai, bakardadea” esan baitzuen. Pianoak fa sostenitu batean huts egin zuenean.
—Bakardadea —esan zuen, eta sabairantz begira geratu zen, pianojoleak hutsa noiz zuzenduko zain. “Daniel Zabalegi bakardadean hil zen, gizajoa”, pipa itzalia hortzetatik kendu eta altzoan gordez.
Esaldiak harritu egin zuen Iñaki Abaitua, edo esateko erak agian. Nolanahi ere, bakarrik hiltzea hil beharra bera baino izugarriagotzat jotzen zuela iruditu zitzaion. Daniel Zabalegi bakarrik hil ez balitz, ez zukeela “gizajoa” esango. “Bakarrik hil zen, gizajoa” esan zuen ordea. Eta zergatik ez jakin arren, bazekien “alferrik hil zen” esan nahi zuela.
Ez zuen galdetzeko ausardiarik izan. Irailaren 25ean, Juliarenean bildu zirenean, era askotan kalifikatu zuten heriotza. Heriotza ikaragarriaz mintzatu ziren batez ere, baina ez zuten alferrikotasunik aipatu. Oinazeaz mintzatu ziren, izuaz, baina ez bakardadeaz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario