Berriro ere pipa hartu eta, oraingoan, pospolo bakar bat erabiliz piztuko du. Sabairantz igo gabe mahai gainari erantsia geratzen den ke gris-urdin leunak inguratzen ditu. “Azken batean, ama ohe ondoan nahi luketen ume gaixoak besterik ez gara”.
Sinesgaitzak ziren historiak kontatu ohi zizkion. “Nobelak!” esaten zuen eta, mespretxu seinalez besagainak altxatuz, “psikopatologi liburu on bat dagoen lekuan...” erantsiko zuen gero. “Atzo bertan gizon bat etorri zitzaidan kontsultara” hasten zenean, bazekien historia sinesgaitz bat izango zuela entzungai, eta, besaulkian irristatuz, patxadarik hoberena bilatzen zuen.
Orduko hartan taldeko neska-mutilen mirespena nahi zuen gaztearena kontatu zion.
Mirespena edo maitasuna; gauza biak bat, azken batean. Gazteak pentsatu zuen bietatik gehiago izango zuela torturaren biktima ikusten bazuten. Eta kabina batetik 091ra deitzea erabaki zuen, zegoen kalean susmo txarreko gazte bat zebilela esateko. Eta argibidetzat bere janzkera, luzera eta gainerako ezaugarriak eman zituenez, poliziak atxilotu egin omen zuen handik ordu edo egun batzuetara. Libre utzi zutenean bere burua zigarro puntaz erre zuen, ikaragarrizko krudelkeriaz, sabelean, besoetan, izterretan tortura jasan zuela erakutsi ahal izateko.
—Adiskideek mirets zezaten. Maite zezaten, azken batean.
Hernani kaletik haizeak kulunkatzen zuen fokuaren argitasun zimela zetorkien, itzal dardaratiak sortuz. Auzotik, berriz, piano ariketa baten hots tematsu eta inozentea entzuten zen. “Ez dira garai bateko histeria barroko eta teatral haiek ikusten”. Penaz ia, garapenaren beste alderdi triste eta ilun bat bailitzan. “Neurosi narzisistaz mintzatu beharko genuke, delirio paranoideaz”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario