2011-03-29

290. pasartea

—Bakardadea.
J.J. Lasak bekokira eraman ditu antiojoak, inguratzen duenaz desinteresatuta bezala. Gero, esku bat altxatu du dudakor, mahai gainean dituen pipen artean zein aukeratu jakin gabe. Azkenean, gehienetan bezala, Savinelli beltzera doakio eskua, eta altzoan gordetzen du “bakardadea” esaterakoan.
—Egiten ditugun gauzen erdiak, bakarrik ez egotearren egiten ditugu.
Ukalondoa besaulkiaren besoan finkatuz, airean eusten dio pipari, kazoleta ukabil barnean gordeta, hartara piztea une luze batez berandutzen duelarik, eta altzoan ezkutatzen du berriro ere. Batzuetan azken hitzek airean irauten dute zintzilik, eta haien hausnarketan geratzen dira bietako batek berriro hitz egin arte.
Iñaki Abaituari hoteletako bakardadea ezin eramana datorkio gogora. Susanari deitu gabe bi egun baino gehiago pasatu ezina. Azken batean sexu desira itxuraz adoretsuena ere ez ote zen konpainiaren behar sinplea besterik. Azal bat norberarenaren ondoan behar izate hutsa.
—Eta halaz guztiz ere arrazoi zuen infernua besteak direla esan zuen hark.
J.J. Lasa piparen kazoleta gainera makurtzen da, eta mahai gainean uzten du atzera. Gero Capstan kaxa metalezko bat zabalduz, arreta handiz, larruzko petaka beltz batera pasatzen du tabakoa. Usain gozoa dario, whisky zaharraren urrin sikua ere gogorarazten duena.
Ziur asko J.J. Lasari ere ideia-lotura bera datorkio gogora, mahai atzetik altxatuz “zer, whiskytxo bat edango bagenu?” baitio, eta gero, edalontziak betetzen ari denean, umoretsu, “basodilatadorea baita”. Galdua zirudien haria berreskuratuz, “bizitzan zehar, tontokerien erdiak bakardadearen ihesi egiten ditugu” dio. “Askotan nahiago izaten dugu zigor fisikoa, edo psikikoa, bakardadea baino”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario