2011-03-29

286. pasartea

“Gris irristatua” esaten zuen. Adierazpide horrek Donostiako zeru heze distiratsu eta aingira kolorekoaren tasun guztiak zituela iruditzen zitzaiolako. Irristatua, betiko, grisaren tasun.
“Era un amanecer gris, húmedo y triste, un día más del invierno en Inglaterra. El pelotón esperaba en el patio”. Azken kapituluaren hasiera irakurtzean, berriro ere izen-abizen exotikoak zituen espioi luze, lirain hura zekusan, Loretta Sheridan, kartzelako patioan, adatsa airean eta larruzko berokia soinean. Berokia bere lagun Joanari eskaintzeko keinu dotorea, dena bukatuko denean berak utzitako epeltasuna emango diona. Hori zen amaiera: lepazuri berokiak Lorettaren gorputzari jasotako epeltasunak baino ez zuen berotzen Joana.
Behin eta berriz irakurtzen zuen, eta gero, amaiera hura ezin onartuko bailuen, orria pasatu eta hurrengoari, kontrazalaren aurreko orri hutsari so geratzen zen, non tita beis argiak, testurik eza profitatuz, besteetan baino ugariago sakabanatzen baitziren espazio librean, eta munduko umerik atsekabetuena zen amak mahaia jarrita zegoela iragartzen zionean.
“Irakurri nuen lehenbiziko nobela” esan die, baina ez diote jaramonik egin. Besaulkian behera irristatzen utzi dio gorputzari. Burua atzera duela etzanda geratu da, begiak itxita, liburua belaunburuetan bezala, bere memorian “hotza Lorettaz jabetuz zihoan, eta Joana ere hartzen zuen” irakur dezakeela egiaztatzeko, eta, besteen errietari entzungor eginez, kontrazala ferekatzen du hatz batez, betazal hertsietan sabaiko argitasun alferrikakoa jasoz, braillez irakurtzen ari den itsu baten antzo.

No hay comentarios:

Publicar un comentario